Nola sortu ziren?
Xelebrea da, gero, santu izena duen ikastola laikoa garela aitortzea. Frankismo garaian ikastola, euskara eta euskal kultura bere osotasunean debekatuak zeuden. Lizeoaren sortzaileen asmoa Donostian euskarazko batxiler mailako eskolak ematea zenez, traba administratibo eta politikoak gainditzeko, batxilergoaren santu den Santo Tomas izen kristaua proposatzea erabaki zuten.
Aristoteles eta Lizeoa
Ikastola terminoa debekatua zegoenez, mugaren beste aldera Bigarren Hezkuntzarako erabiltzen zuten Lizeoa terminoa gehitzea ere pentsatu zuten. Bi izen hauen artean badago erlazio argi bat. Santo Tomasen ideiek Aristotelesen ideien eragina jaso zuten, eta Aristoteles izan zen Atenasen lehen Lizeoa sortu zuena.
Frankismoa sahiesten
Azkenik, Madrileko Hezkuntza Ministeritzara joan-etorri batzuk egin eta hainbat bilera eta gestioren ondoren sortu zen Donostiako lehen ikastola, Santo Tomas Lizeoa. Aurrerago, gure inguruneko beste hainbat ikastolak ere Lizeoa terminoa gehitu zuten beren izenera, hala nola, Barandiaran Lizeoak, Axular Lizeoak eta Pasaia Lizeoak.